(UK aldizkarian argitaratua)
Batzutan, bizirauteko bada ere (goizetan kaferako egiten dugun deskantsuan, adibidez) futboltasunaz kutsatzen naiz. Urtean zehar oso partidu gutxi ikusten ditut, nagoen momentuan, edo nagoen lekuan “historikoak” direnak. Iaz Athleticen Kopako finala gogoratzen dut, Algortan, eta horren aurre/post festa giroa. Duela gutxi, Barçaren ligako garaipena Canaletas-en. Hunkigarria zen bertan zegoen jende nahastea. Bartzelonan bizi den gazte marokoarrak, ez du inongo paperik behar futbol talde baten garaipenaz gozatzeko! Izan ere, momentu bizi horiek elkartasun momentuak dira, ospakizun uneak. Batzuk taldearen zale amorratuak direlako, beste batzuk futbola maite dutelako, edota futbola identitate/herri sentimendu gisa bizi dutelako. Gustatzen zait pentsatzea, badagoela zeozer, ohiko erritmoa eten, eta komunitate sentimendua pizteko indarra duena. Futbolak (eta akaso errugbiak Iparradean) badu indar hori, baina futbola al da botere magiko hori duen fenomeno bakarra? Zoritxarrez hala ematen du…Urruneko zein hurbilagoko gobernuak erabaki garrantzitsuak hartzen ari dira, krisiari “aurre egiteko” eta gu jokoz kanpo gaude. Izango al dugu indarrik, zelaira salto egiteko?
Utzi erantzun bat