Airezko oheak, hiri uberizatuetan

(Landeia aldizkarian argitaratua)

Utzi jakinminak zu eramaten. Airbnb-ren webean sartu eta irakur daitekeen leloa dugu hau. Abilak dira leloekin eta baita, ekonomia kolaboratiboaren mozorropean, plataformen kapitalismoa gure hirietako auzoetara eramaten. Urbanoaren uberizazioa eragiten dute, fenomeno benetan larria. Halaxe deskribatzen du Ian Brossat-ek ‘Airbnb, la ciudad uberizada’ liburuan. Parisko alkateordea da Brossat Etxebizitza politiken arduradun den heinean, bere ibilbide politikoan gertutik bizitzakoa bildu du liburuan, Airbnb plataformak Parisen izan duen eragina agerian utziz. Marketing kanpaina bortitzak, lobby presio irudikaezinak, iruzur fiskal neurrigabea edota funts putreen eta espekulatzaile handien laguntzaz baliatuz, hiriaren morfologia hankaz gora jarri dute, eta horrekin batera, auzoetako jendearen bizitza.

Airbnb fenomenoa, hirien museifikazioaren aurrekari

Jakinmina izan zen Brossaten liburura eraman gintuena eta akuilu hartuta Kafekistan saioa antolatu genuen, funtsezkoa den gai baten inguruan solasean aritzeko: etxebizitza. Solasldian gurekin izan ziren Andrea Bartolo, Bilboko AZET etxebizitza sindikatuko kidea eta Iparraldeko ALDA mugimenduko Ainize Butron. Tertulia emankorra izen zen zalantzarik gabe, ikuspegi teoriko eta praktikoak uztartu zituen heinean.

Andrearen ustetan liburuak badu ekarpen handi bat: Parisetik kontatuta dagoen eta Airbnb-en zentratzen den kontakizuna, ez dago isolatuta. Alde batetik, Airbnb-rena praktika eredu baten parte da NATU akronimoak barnebiltzen duen ereduaren parte da. Akaso ezagunagoa da Interneteko erraldoiak batzen dituen akronimoa GAFAM, (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) baina plataformen unibertsoan, Netflix, Airbnb, Tesla eta Uber dira berealdiko lau multinazionalak. Beste aldetik, etxebizitzaren arazoa ere, ez da arazo isolatu bat. Gure bizitzak eta jendartea bera zeharkatzen duen kontu bat da. Etxebizitza politikek gure jendartean eragin izugarria dute: gure bizitzetan, gure hirietan. Horren erakusle da, Airbnb-ren fenomenoak gure hiriak zein punturaino museifikatzen dituen, turistifikatzen dituen, edota gentrifikatzen dituen. Bertan bizi garenok salgai jartzeraino. Brossat-ek, honenbestez merezi duen tokia eskaitzen dio arazoari.

Gentrifikazioaren jatorria

Etxebizitzaren gaiak zentzu bikoitz batean gure bizitzetan hartu duen zentraltasuna azpimarratu zuen Andreak. Batetik Kapital gisa, hiri-eskaparate eta gentrifikazioaren fenomenoak sortuz (Britainiar landa-noblezia txikia da gentry, eta gentrifikazioak, errenta maila txikiko auzoetan kapitaldunek higiezinak erosi eta bertan bizi direnak kanporatzearen fenomenoa irudikatzen du). Bigarren ikuspuntu batetik, etxebitzaren zentraltasuna arrakala uler daiteke: alegia, auzoetan klase borroka berpizteko esparru gisa.

Begirada honek mehatxua aukera-gune bilakatzea dakar. Horixe izan da hain zuzen ere ALDAk Iparralden praktikara eraman duena eta Ainizeren testigantza aberasgarria izan zen zentzu horretan. Duela urte elkartea eratu zenean Baionan etxez etxe burutu zituzten 500 inkestatik abiatuta, turismora bideratutako etxebizitzei muga jartzen dien konpentsazio neurria abian jarri dadin lortu dute. Konpentsazio neurri honek, turismorako etxebizitza bat alokagai duten jabeak behartu egiten ditu beste etxebizitza bat alokatzera urte osorako.

ALDAren kanpaina arrakastatsua

Neurria dagoeneko abian da Lyon, Bordele, Paris, Estrasburge hirietan eta turismora bideratuta zeuden milaka etxe alokairura bideratzea ekarri du. Datu bat ematearren, Bordelen turismora bideratuko etxeen zenbakia 8.000tik 4.000ra jaitsi da. Euskal Hirigune Elkargoak martxoaren 5ean erabaki zuen neurria onartzea. ALDAren kanpaina emankorra izan da, dudarik gabe: inkestetan oinarritutako diagnostikoa, etxebizitzaren inguruko liburuxka baten argitalpena bost aldarri nagusi exijitzeko, etxebizitza turistikoen okupazioa, interpelazioa elkargoari… 2021eko azaroan ospatu zuen manifestazio jendetsuak mugarri bat markatu zuen: 8.000 lagun bildu ziren, ALDArekin batera beste 30 elkartek antolatutako mobilizazioan.
Brossat-ek taxuz deskribatzen ditu Airbnb plataformak instituzio publikoak bere mesedera jartzeko erabiltzen dituen trikimailuak. Bada, ALDAren garaipen honek kontrakoa ere posible badela erakusten digu: antolaketa eta mugimendu sozialen bitartez, posible dela erakunde publikoak gure zerbitzura jartzea.

Azken batean, indar korrelazioaren arabera etxebizitzaren auziari era batean edo bestean helduko diete instituzioek.

Airbnb eredua jomugan

David Harveyk Hirirako eskubidea liburuan, eskubide honek duen izaera gatazkatsua azaleratzen du. Bere ustetan, Hirirako eskubidea gatazkan dagoen definizio-gunea. Adierazle hutsa da, eta edukia nork eta zertarako emango dion, horren araberakoa izango da. Finantza-eliteek eta hirigintza globalaren eliteek eska dezakete, baina migratzaileek eta errefuxiatuek, pentsiodunek eta etxegabetuek ere eska dezakete. Hori dela eta, hirirako eskubideaz ari garenean, eskubide horien definizioaren eta lehentasunen aldeko borroka dakar ezinbestean. Borroka horretan, botere harremanek erabakitzen dute eskubidea noren alde lerratzen den. Airbnb-ren ereduari buelta ematen ez badiogu, etxebitza eta espazio publikoarekin batera, hirian bizi direna pertsonak atrezzo baten parte izatera pasatzeko arriskua dugu.

Air Bed & Breakfast

Erbienbi, airbianbi… trabatu egiten gara sarritan Airbnb ahozkatzerako orduan. Izena bera ingelesezko akronimoa da: air bed and breakfast. Liburuan Brossat-ek argitzen digu izenak Kaliforniako San Frantziskon duela jatorria. 2008 urtean, Nazioarteko kongresuetan, hotelen eskaintza ez zen iristen bisitarien beharrak asetzera. Hori ikusita, diseinu ikasketak egiten ari ziren bi gaztek kongresuetara zetozenei haien etxean airezko oheak (air bed) eta gosariak (breakfast) eskaintzen hastea erabaki zuten. Horrela, alokairua ordaintzeko zituzten zailtasunak gainditu ahalko zituzten. Bitxikeria dirudien honek agerian uzten du jatorritik Airbnb-ren praktikak duen perbertsitatea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: