(UK aldizkarian argitaratua)
Bat-batean eta nahigabe, ingurukoek haien elkarrizketetan sartzen gaituzte. Hondartzan gaudela, aldameneko bi neskek, ordu-erdi luzez hitz egin dute herrian zabaldu berri duten fruta-dendaz. edota, bezperako ligoteo kontuez. Batzuetan, egia da, ez dugu solasaldi hauen parte izan nahi. Ostera, entretenitu nahi badugu, edozein elkarrizketa lerdok, gure ordu-erdiko bidaiari behar duen gatza ematen dio, eta eguna alaitzen digu. Eta beste batzuetan elkarrizketa interesgarriekin egiten dugu topo, bat-batean, nahigabe. Kuriositatea pizten digute, eta tartean sartu eta galderak egiten hasteko gogoa sartzen zaigu. Edozein ikerketa soziologiko baino askoz esanguratsuago, edozein dokumental ikustea baino interesgarriago. Gazte bi, pisu bilaketa eta alokairu kontuez. Aitite-amomak, aspaldiko istorioak gogoratzen. Ez dute ulertzen gaurko belaunaldiek nola funtzionatzen dugun. Aurreko batean, Salvadorreko emakume bi, hemen bizi dira eta haien alabei buruz ari dira. Batenak hemendik alde egingo du, zaila egiten zaio hemengo bizitzara ohitzea, ez du bere ikasketekin loturiko lanik topatzen. Bestearen alaba Salvadorren dago ordea, ezin du hango egoera gehiago jasan, eta hona dator, babes bila. Gure errealitatearen isla, hortxe dugu, eguneroko gure inguruko jendearen hizketaldietan. Zuzenean, bat-batean.
Utzi erantzun bat